GAZTAROAZ GOZA EZAZU BAINA BURUA ERABILIZ!!!

2009-11-26

Ikuspuntu ekonomikoa: mehatxua

    Neoliberalismoa jaun eta jabe den honetan merkatuak agintzen du. Ñabardurak, kritikak eta erresintentzia-saioak egonda ere, egun merkatuak eta bere ezinbesteko bidaidea den kontsumoak joku-arau gehien eta oinarrizkoenak jartzen dituzte. Eta arau horien artean globalismo ekonomiko berriak jainko guztien pare jar dezakegun hitz-ikonoa erabiltzen du jarrera eta mugimendu guztiak zuritzeko, gure egunerokotasuna hain era zorrotzean baldintzatzeko: lehiakortasuna, konpetitibitatea.

    Horren ondorio latzak denok bizi baditugu ere, gazteek era ankerragoan nozitzen dituzte, bai zuzenak baita zeharkakoak ere. Inkesta guztietan gazteek seinalatzen dituzten arazorik larrienak baino ez ditugu kontuan hartu behar: langabezia (eta ezegonkortasuna) eta etxebizitza. Errealitatea oso krudela da bizitzan horren funtsezkoak diren bi arlo horiei dagokienez, eta gazteak hasi dira barneratzen, batez ere emakumezkoak, errealitateak berak behin eta berriz adierazten diena: etorkizuna ez da batere argia, borrokatu beharra dago, eta lehenengo aldiz aspalditik, egungo gazteek ez dute ziurtatuta etorkizunean euren gurasoek lorturiko bizi-maila.

     Etorkizuna mehatxua da, laburbilduz. Beraz, ezinbestekoa da dena ematea, formazio on-ona izatea, urriak diren aukera eta postuetarako lehia bizian aritzea, gehienetan bizitza osorako diren kredituak jasotzeko eta ordaintzeko aukera, behintzat, izateko. Beste alde batetik, ikuspegi honek elkartasunerako eta mobilizazioetarako zirrikitu gutxi uzten ditu eta parte-hartzea eta gazte-mugimendua bultzatzeko eta eraiketzeko aukera eremu isolatuan kokatzen du.