GAZTAROAZ GOZA EZAZU BAINA BURUA ERABILIZ!!!

2009-12-01

Gazteen autonomia bultzatzea

    Europar Batasunean batez besteko gazteen emantzipazio-adina 25 urtetan kokatzen da. Euskal Herrian, aldiz, adin hori nabarmen igotzen da, 30 urtetan dagoelarik. Ezbairik gabe datu adierazgarria bezain kezkagarria dugu hau, horren atzean gazte askoren berezko egitasmoak garatzeko zailtasuna edo ezintasuna adierazten duen neurrian.

    Esparru eta gune ezberdinetan beren nahiak eta helburuak esateko aukera duten bakoitzean, gazte antolatuen ahotsek denon artean eraikitzen ari garen gizartean euren lekua aldarrikatzen dute behin eta berriz. Eta horretarako planteatzen dituzten arrazoiak ez dira makalak. Alde batetik, gazteek etorkizuna bai, baina batez ere, oraina plural eta aberasgarria dela diote, gizartearen garapenerako eragileak. Horrela, beren lekua aldarrikatzen dute, euren ikuspegi eta egiteko erak sustatzeko eta eragiteko. Gainera, indarrean dagoen gizarte-ereduarekin nahiko kritiko agertzen direnez, aukera eskatzen dute ezberdina izango den gizarte- eta pertsona-ereduak eraikitzeko, egunerokotasunetik abiatuta. Horretarako beren erantzukizuna eta ardura adierazten dute, eta azkenean abisua ere luzatzen dute: belaunaldi berri oso baten energiak eta eraikitzeko grinak ezerezean gelditzeak gizarte osoaren kalterako suposatuko lukeen prezioa gehigizkoa dela, jasangaitza.
    Beraz, gizartean gazteak protagonistak izatea eta euren ikuspegitik eragile eraginkor bihurtzea da gazte-mugimenduak egiten duen eta gizarte osoak jaso eta erantzun behar duen eskaera eta erronka. Eta horretan botere publikoek erabateko erantzukizuna dute, eskaera hori bideratzeko ahaleginean. Ziur asko hemen dago gazteen gainean administrazioen eta horien atzean dauden alderdi politikoen hurrengo urteetarako eginkizunik garrantzitsuena: gazteen nahiak, konpromisoak eta egiteko erak ezagutzea, elkarrekin lantzea eta abiatzea.
    Horrek, dudarik gabe, borondate politiko irmoa eta zabala eskatzen du, agenda politikoan lehentasunen artean gazteen gaia kokatzeko beharra. Neurri batean, azken urteetan aurrerapauso batzuk eman dira gazteen aspaldikoa den aldarrikapen honetan, eta egun gazte-politikak aurrera ateratzeko tresna batzuk egon badaude, gazte-planak, kasu. Hala ere, hau ez da nahikoa eta hastapenetan gauden honetan, benetako gazte-politikak sortzeko eta horiek martxan jartzeko tresneria egokia lortzeko, gazteekin batera lantzeko prozesua abian jartzea beharbeharrezkoa dugu. Honi buruz ariko gara hurrengo atalean.
    Alde honetan bukatzeko, oso argi geratu behar den puntua adierazi nahi dugu: ez da posible gazteak gizartea eraikitzeko benetako eragileak izatea, baldin eta pairatzen dituzten bizi-baldintza kaskarretan hobekuntza nabariak gertatzen ez badira. Hau da, langabezian, ezegonkortasunean edo etxebizitzan, gai erabakigarrietan, taxuzko neurriak jasotzen ez badira, administrazioek gidatuta eta gizarteeragileek lagunduta, ez dago gazteek benetan parte hartzeko aukerarik. Gauzak horrela, bizi-baldintzetan konpromiso sendoak hartzea gutxieneko baldintza da, aurrerago aipatuko ditugun gazte-politika parte-hartzaileak sustatzeko.

Ikuspuntu politikoa: laguntzarik eza

    Patetikoa da egungo botere politikoak botere ekonomikoarekiko duen mendekotasuna. Demokraziaren beraren kontzeptua eta esanahia arriskuan jarriz, alderdi politikoek eta administrazioek garatzen dituzten mendekotasun-portaera horiek ohikoak ditugu jadanik. Ematen du neoliberalismoari zuzenean loturik dauden
axioma batzuk (lehiakortasuna edo “0 defizita”, kasu) politika egiteko ezinbesteko baldintzak direla, ezbairik gabe, eta noski, bakan batzuen onerako. Bide hau oso arriskutsua da, batez ere politika ekonomikoen eta gizarte-politikaren artean halako oreka (Ongizatezko Estatua) bilatu nahi izan duen Europarentzat.

    Berezko faktoreez aparte (burokrazia, barne-demokraziarik eza, klientelismoa, ustelkeria...), aipatu arrazoiak badu eragin handia egungo egoera ulertzeko: alderdi politiko eta politikatik oso urrun bizi dira biztanleak, haien arteko distantzia gero eta nabariagoa da. Gazteen artean joera orokor hori biderkatzen da eta egungo gazteak alderdi eta praktika politikoetatik oso urrun daude. Horiek ez dute jasotzen gazteen interesa ezta konfiantzarik ere.

    Gazteen premia eta beharretatik oso urrun kokatzen dituzte euren interesak alderdi politikoek eta egungo gazteek lehentasunak barneratuta dituztenez gero, urruntasunaz eta mespretxuaz aparte, gailentzen den sentzazioa sinesgarritasunik ezaren kontzeptuan jaso dezakegu; beharrezkoak diren kontuetarako ez dituzte laguntzen eta soilik komeni zaienean deitu eta bilatzen dituzte gazteak.

Gazteria aurrera!

Gazteriaren beste alderdi bat gizartearekin duen borroka da. Beti dago norbait gazteen aurka diharduena, hauen ametsak apurtzen eta mota guztietako debekuek jartzen. Baina zorionez, gero eta gehiago dira elkartzen diren gazteak eta beraien indar guztiekin borrokatzen dutenak.
Ondorengo bideon ikusi daiteke zer nolako indarra eduki dezaken gazte mugimenduak.