GAZTAROAZ GOZA EZAZU BAINA BURUA ERABILIZ!!!

2009-12-02

25 eta 29 urte bitarteko euskal gazteen %33,6 bakarrik dago emantzipatuta

Euskadiko gazteek gero eta beranduago uzten dute gurasoen etxea. Gaur egun, 25 eta 29 urte bitarteko gazteen %33,6 dago emantzipatua. Gazteen Euskal Behatokiak aginduta egin den "Euskal gazteen emantzipazioa eta prekarietatea" ikerketan agertzen den datu hau ez da batere ona, gure inguruko beste erkidego batzuetakoa baino hamar puntu baxuagoa delako hemengo portzentaia. Beste datu kezkagarri bat: behin emantzipatu ondoren, gazte askok gurasoen etxera itzuli beharra izaten dute, diru arazoak dituztelako.

Krisi ekonomikoaz gauza asko entzun ditugu, eta gazteak dira krisia gehien sufritzen dutenetako batzuk. Emantzipatuta dauden gazteen artean, hamarretik zazpi, bikotekidearekin bizi dira. Izan ere, gazteen langabeziak azken urteetan behera egin duen arren, oraindik ere handia da prekarietatea eta soldata bakar batek ez du ematen gurasoen etxetik alde egiteko beste. Horregatik, irtenbidea, gastuak partekatzea da.
Batek baino gehiago pentsa dezake egoera honi aurre egiteko soluzioa alokairua dela. Hala ere, Etxebiden etxebizitza eskatzen dutenen artean, %4,8k baino ez dute alokairua aukeratzen. %75,3k nahiago dute etxebizitza jabetzan izan, eta %19,3ri berdin zaio etxea jabetzan edo alokairuan jaso.

"Euskal gazteen emantzipazioa eta prekarietatea" ikerketaren helburua Euskadiko gazteen emantzipazio prozesua ezagutzea izan da. Horretarako, metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa uztartu dira, emantzipazio prozesu hori zertan datzan aztertzeko, gazteek emantzipazioa lortzeko bidean dituzten zailtasun eta oztopoak zeintzuk diren ezagutzeko eta oztopo horiek saihesteko darabiltzaten estrategiak zeintzuk diren jakiteko.