Ikuspuntu ekonomiko hori gailentzen den neurrian, pertsonen joera indibiduala nagusitzen da. Norberaren posizioa eta statusa irabazi beharra dago eta horretarako bakoitzaren ahalegin etengabea ezinbesteko bihurtzen da. Batez ere, aukeraz edo adinaz bere postu hori zeharo irabezteke dutenentzako, gazteentzako,
hain zuzen ere.
Horren ondorioz etekin azkarra eta zuzena ez duten portaerak eta lehentasunak alboratzen dira, kolektiboa eta komunitarioa den ororen kalterako. Gauzak horrela, ideologiak edo jarrera militanteak baztertzen dira, arrazoi praktikoengatik: ez dago denborarik, ez dago emaitza zuzenik. Gizarte-sare orokorrak ahultzen dira, elkartasunezko mugimenduek katea eteten ari dela ikusten dute: gero eta jende gutxiago lan eskergaren aurrean aritzeko, gero eta jende berri, gazte, gutxiago, gure elkarte eta taldeetan.
Gizarte-mugimenduek, oro har, eta gazte-mugimenduak zehazki, iretenbiderik gabeko egoera batean ikusten dute beren burua. Indibidualismo zuzenaren eraginez, gero eta jende gutxiago, gero eta partaide gutxiago. Administrazioen jarrera urruna eta mesfidatia dela eta, laguntza eta baliabide urriak. Eta batez ere, gailentzen ari den pentsakera-paradigma berrian, non musu-truk aritzea eta helburu kolektiboak lortzeko arrisku pertsonalak bereganatzea ulertezin bihurtzen den, eragingarriak izateko zailtasun itzela. Bai gauzak aldatzeko baita pentsaerak aldatzeko orduan ere. Ez da harritzekoa jendea erretzea eta etsitzea, isolamendua nabaria baita.
No hay comentarios:
Publicar un comentario