Aldaketa-garaian gaude. Ziur asko mende honen hasieraren ezaugarri sakonenetariko bat abiadura azkarra da. Gertaerak ziztu bizian jazotzen dira etengabe, bata bestearen atzean, eta zentzu guztietan, bai norberaren bizitzan, bai gure inguru hurbilean eta gure gizartean, baita mundu-mailan ere. Horrek deskolakatu egiten gaitu eta gauzak bizitzeko era eta ikuspegia aldarazten dizkigu. Gazteen munduan joera nagusi hau are eta nabarmenago gertatzen da.

Izan ere, gazte gehienek euren bizipenetan oinarriturik gehien sentitzen duten elementua ziurgabetasuna da, etorkizunari konfiantzaz baino areago errezeloz begiratzeko eta somatzeko era, oraina ulertzeko eta gehienetan konpartitzen ez dituzten klabeetan bizitzeko beharra. Horregatik egunerokoa topera bizitzea (“presentismoa”) eta erlazio afektibo hurbilak (lagunartekoak, familia) hain garrantzitsuak izatea ulergarria da oso.
No hay comentarios:
Publicar un comentario