GAZTAROAZ GOZA EZAZU BAINA BURUA ERABILIZ!!!
Mostrando entradas con la etiqueta sexua. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta sexua. Mostrar todas las entradas

2010-01-19

Gazteak, sexualitatea eta euskara

Sexualitatea gazteen artean sarri erabiltzen den gaietariko bat da. Adinaren arabera, "sexu" hitza tabu moduan har daiteke. Hori dela eta nik eginiko power point bat plazaratzea pentsatu dut, sexua praktikatu bai baina kontu handia edukiz bultzatzen duena.

2009-12-18

Zer dela eta sexualitatea eta gazteak kanpaina berean sartu?

Eta zergatik ez, bada? Gazteek sexualitatea bizitzen dutela noizbait ere ezagutuko dugu ala gai hori bazter utziko nahi gabe haurdun gelditzen direnen eta sexu-bidezko eritasunen bat biltzen dutenen kopurua kezkagarri izan arte? Sexuari loturik dagoenaz ez da karrikan argi mintzatzen, ezta etxean eta eskolan ere; horrelako gaiak saihesten dira, areago, halakorik dela ere ukatzen da eta ez da ezagutzen gazteen sentimenduak, sexu-ahalmenak, desioak eta sexu-jokabideak arrunt desberdin direla bata bertzetik. Bertze alde batetik, gazteek beren sexualitatea bizi duten giroa komunikabideek hedaturiko mezu kontraerrankor, sobera estimulatzaile, estereotipatu eta deformatuez bete-betea egoten da. Gizon-emakumeen sexualitateak zenbait alde desberdin ditu: plazerra, komunikazioa, afektibitatea etab. Haiek bizi eta bateratzea ezinbertzekoa da pertsonek beren bizian garapen orekatu eta osoa izateko. Hori dela eta, gazteen baitako sexualitatea agerira atera nahi dugu, eta errespetu handiz haren alde onak eta aniztasuna erakutsi, guzioi aberasgarri izanen zaigulakoan baikaude. Sexualitateari loturiko beldur eta tabuei buru egiteko tenorea dugu, zeren eta haiek bizipen txarrak eta arriskutsuak indartu bertzerik ez baitute egiten. Aurreiritziak aparte utzirik, gai honetaz jakin-minez, askatasunez, eta beldurrik eta lotsarik gabe mintzatzeko tenorea dugu.

2009-12-14

Gaur egungo gazteak eta sexualitatea

Gaur egungo gazteek gero eta goizago hasten omen dituzte harreman sexual koitalak.



Hori da orain gutxi komunikabide askotan agertu den albistea. Lehenengo sarketa praktikatzeko adin media 15 urtetan omen dago gutxi gorabehera.
Gaur egun, sexuari buruzko hizketaldiak asko dira gazteei zuzendutakoak. Ikastetxez ikastetxe, taldez talde, sexualitatearen inguruko gai ezberdinak jorratzen aritzen dira espezializatu asko gazteekin. Dinamika ezberdinak eramaten dira aurrera, eta horien artean beraien kezka, duda eta galderei erantzuna emateko ere egiten zaio tartea. Egia da gaur egun sexualitatearekin eta harreman sexualekin erlazionatutako gai ezberdinez jakiteko eta hitz egiteko tarte gehiago dutela. Egia da gero eta eskuragarriago dituztela era guztietako informazio, komentario eta irudiak. Egia da agian, gaur egun errazago hitz egiten dutela gai horretaz, gero eta informazio gehiago dutelako. Baina egia da baita ere, duten informazio hori, askotan ez dela iturri oso fidagarrietatik iristen. Neska askok, beraiei zuzenduta dauden aldizkarietatik jasotzen dituzte “truku” eta informazio ezberdinak. Mutil askok berriz, pornografia kontsumitzaileak izatea aitortzen dute. Asko dakitela uste dute. Baina beraiekin hitz egitean segituan konturatzen zara barneratu dituzten informazio eta ideia horiek ez daudela beraien sexualitatearekin, beraien errealitatearekin kontaktuan.
Aldaketa askorik ez
Esan daiteke beraz, orain dela urte batzuetatik hona gauza batzuk, agian asko, aldatu egin direla gazteek sexualitatearen gaia bizitzeko eta ikusteko duten moduan. Baina, esan daiteke baita ere, gaur egungo gazteek sexualitatearen inguruan dituzten bizipenak, kezkak, beldurrak, fantasiak, espektatibak, dudak, ilusioak…, orain dela urte batzuetako gazteenekin alderatuz, ez direla hainbeste aldatzen. Gazte nerabea, hormonak dantzan dituen gaztea da, bai gaur eta baita atzo ere. Nerabezaroan, desio erotikoa agertzen da, eta horri lekua bilatzen pasatzen du gazteak denboraldi hori. Dena da nobedadea, dena ilusioa eta espektatiba, misterioa eta desioa.
Ondorio ezberdinak
Bizitzako etapa ezberdinetan, pertsonaren sexualitatea aldatzen joaten da. Hala ere, nerabezaro momentu hori izango da seguruenik momenturik intentsoena. Baina, gaur egungo gazteak sexu harremanak izaten lehengoak baino lehenago hasten diren kontua ez da guztiz erreala. Gaur egun, lehen bezala, badaude sexu harremanetan pauso ezberdinak ematen dituzten hainbat gazte eta beraien harreman sexual eta erotikoetan sarketa aukeratzen dutenak. Baina hori ez da gazte gehienen kasuan gertatzen, ezta gutxiago ere. Estatistikak egiten dira, eta horietan datu ezberdinak agertzen eta zabaltzen dira, baina ikerketa horietatik ateratzen dituzten ondorioak ez dira adituak gazteekin gelan gaiaz hitz egiterakoan ateratzen dituztenen berdinak.